KOLDO ALMANDOZ ‘ZERU AHOAK’ SERIEA FILMATZEN ARI DA. NAGORE ARANBURU DA AKTORE NAGUSIA


Prentsa oharra:

Koldo Almandoz zinemagilea, ‘ZERU AHOAK’ seriea ari da filmatzen egunotan, EITBren partaidetzarekin burututako, Garabi Films eta Txintxua Films ekoiztetxeen ekoizpen independientea. Euskal Herriko lokalizazio ezberdinetan burutzen ari den filmazioa urriaren erdira arte luzatuko da.


‘ZERU AHOAK’en protagonista, “Nerea Garcia” inspektore ohia antzezten duen Nagore Aranburu aktorea da. Berarekin batera, Josean Bengoetxea, Miren Gaztañaga, Ramón Agirre, Sara Cozar aktoreak, eta Unai Baiges, Nerea Sanz eta Amets Arbelegui aktore gazteak parte hartzen dute.


Euskaraz idatzia eta filmatua, serieak 40 minutuko lau kapitulu izango ditu.


Koldo Almandoz zuzendari eta sortzailearen hitzetan: “Hondar Ahoaken, Nerea Garcia, ingurune ezezagun batean zebilen kanpotar bat bazen, Zeru Ahoaken, Bilbo urbano eta periferiko batean murgildu beharko du egiaren bila. Halakorik existitzen bada behintzat. Zeru Ahoak ilunagoa, zikinagoa… eta arriskutsuagoa izango da”.


Koldo Almandozek sortua, seriea Harkaitz Canorekin batera idatzi du.

 

SINOPSIA

Lau urte igaro dira Ondarruko gertakizunetatik. Egun, Nerea Garcia, Ertzantzatik kanpo dago, apenas ateratzen da etxetik eta pilulen laguntzarekin egiten dio aurre bere errutinari. Baina ezer ez da betiko. Emakume baten hilotzaren azalpenarekin bat, iraganeko mamuak, ate joka azalduko dira Nerearen etxean. Eta oraingoan, jokoan dagoena, makurragoa eta pertsonalagoa izango da. Beste behin, ezer ez da dirudiena eta Nerea ezingo da inortaz fidatu, ezta bere buruaz ere.

Comentarios